Sexu harremanen bidezko gaixotasunak ekiditeko kondoiaren erabileraren beharraz eta onurez hitz egiten hasi zitzaizkigunean, kanpainak barne, sexu grina itzaltzeko asmakizuna zela iruditu zitzaigun. Sexu nahia batbatekoa eta geldiezina dela esaten zen, hazten joaten dena eta parte hartzen duten kideen arteko erakarmena elikatzen duena. Beroaldian nork bere buruari edo batak besteari kondoia jartzeko eskatzea eta kondoirik gabe ez dagoela sexurik adieraztea, sexu grinari agur esatea zela.

Sexologo ospetsu bati entzun genion esaten, bulkadazkoa den ekimen bati arrazoia eranstea bezala zela kondoia eramanaraztea. Aberrazio bat iruditu zitzaigun. CNFEko presidenteak (Espainiako Futbolarien Prestakuntza Zentroa) lehen mailako futbolari batzuk erabiltzen ari diren sexu baimenerako kontratua eman du jakitera. Sexu harremanak izan aurretik onetsi eta sinatu beharrekoa da aipatu kontratua, balizko harremanen ondotik suertatu litezkeen salaketen aurrean babestuta gelditzeko. Baimena jasotzeko app-a ere ba omen dago.

Dokumentuan jasotzen dira proposatzen duenaren eta baimena ematen dutenaren izen-abizenak, eta sexu harremanak izateko onespena. Segidan azalduko dute zer egingo duten eta zer ez, deskribatuz, muxuak mingainarekin bai edo ez, bagina bidezko sarketa bai edo ez, etab. Dokumentuan jasotzen da, baita ere, berotasunean hitzarmenean jasotakoez gain besterik egiteko gogorik izanez gero, edozein aldaketa dela ere, bien artean baimenduta izango dela. Bukatzeko, kontratuak jasotzen du, sexu ekimenak mugimendu zakarrak eta judizioaren aldaketa eragin dezaketela eta, kasu horretan, errurik eta intentziorik gabe, istripuz, gizonezkoa emakumearen zulo batean sarketa egitera irits litekeela, dokumentuan adostu gabe egon arren.

Ez dakit zein emakumek, drogen menpe egon ezean, sinatu dezakeen horrelako kontratu bat. Tankera horretako baimen bat eman ostean pizten den sexu grina, diruagatik onartzen denaren parekoa izan daitekeela otutzen zait. Bulkadari naturaltasunez eta bien gogoz erantzutetik oso urrun, edonola ere.