Saltar al Contenido

euskararen akademia jose angel irigarai poeta eta idazlea

"Euskararen egoeraz propioki jabetzean, ez legoke gaizki guk zertan ez dugun asmatu aztertzea"

Euskal Herriko kulturak azken 50 urteotan eman dituen lekuko zuzena izan da Jose Angel Irigarai. Euskal literaturarekin harreman estua izan duen familia batean hazia eta hezia, euskararen aldeko mugimenduan kulturaren alorretik egin du lan. Kulturgin-tzan bide oparoa egin du

arkaitz a. muro - Viernes, 26 de Febrero de 2010 - Actualizado a las 07:18h.

compartir (¿qué es esto?)

  • Mail
  • Facebook
  • Delicious
  • Twitter
  • Meneame
  • Digg
  • Technorati

Galería Noticia

iruñea. Aingeru Irigarai mediku eta idazle euskaltzalearen semea da, eta Fermin Irigarai Larreko mediku eta idazlearen biloba. Berak dionez, hauen eragina erabatekoa izan zen beregan, izan ere, etxean sortu zuten giroari esker piztu zitzaion euskal letretako afizioa. Elkarrizketa honek, Jose Angel Irigarairen inguruan hitz egiten zen euskara ezagutzeko xedearekin, idazlearen euskalkian bildu ditu elkarrizketatuaren erantzunak.

Lehenik eta behin, zorionak jaso berri duzun izendapenarengatik. Zer esan nahi du zuretzako ohorezko euskaltzaina izatea?

Eginikako, edo egiten saiaturiko, lana aintzakotzat hartuz, Euskaltzaindiak aitortu nahi izaten duen ezagutza da, nik uste. Estimatu eta eskertzen den errekonozimendua, areago bilatu gabea delarik. Dena den, ez dira guti nik bezainbateko edo gehiagoko merezimendua dutenak. Eta hor, zendu berria den Jorge Cortes Izal euskaltzale nekaezin eta adiskidea dut gogoan; gainera, nafar hautagaien artean lehenengoa omen zen. Zoritxarrez, bitarte horretan hil zen. Horrengatik, niri egin ohorezko izendapena hari errendatzen diot, gogotik, zendu bada ere ez baita aldendu gutartetik, gutiago gugandik.

Izendapen honek zure bizitzan zerbait alda dezakeela uste duzu?

Ez, naski. Ni usaiako mailan nabil eta hemendik aitzina ere hala ibili gogo dut.

Euskal hizkuntzari txikitatik egon zara lotua, euskal letrekin harreman estua izan duen familia batean hazi eta hezi zara. Nola bizi zenuen euskara etxean?

Tenore haietan beste aunitzek bezala, anormalki: erdal giroa nagusi, hizkuntza sozialki ezkutatuarazia; arras inguru mugatu eta higatuan, beraz. Orain diglosiazko egoera erranen genuke. Nola bizi?, gaizki. Nerabezaroan lozorroan, gaztaroan gordinki, nagusi aroan… min-biziki. Hain da hitsa, eta gaisotua, duintasun eta eskubideen aurkako egoeran bizitu beharra.

Zuk ere zure aitak eta zure aitonak egin zuten ibilbidea egin duzu: medikuntza ikasketak burutu dituzu eta euskalgintzarekin lan egin duzu. Zergatik erabaki zenuen bide bera egitea?

Zoriak eta halabeharrak, kasualitateak eta kausalitateak, pisu handia izan ohi dute bizitzan. Nirean ere bai, naski, baina medikuntzaren hautuan aitatxi eta aita sendakin izateak zerikusia izan bazuen, euskalgintzari, eta letretako afizioari, dagokienez haien eragina erabatekoa izan zen. Zaletasuna eta atxikimendua piztu bazitzaikidan haiek sortu eta garatu giroari esker izan baitzen.

Ez dok Amairu taldeak eman zituen lehen pasoen lekukoa izan zinen, euskal kulturaren munduan garran-tzi handia izan duen taldearena. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Joan den mendeko 60ko hamarkadaren erdi aldera loratu zen dinamika, indartsu eta eraginkor ziren balioez mamitua zen: sustraitua eta irekia, bertakoa eta unibertsala…, begirada eta jarrera garaikidea. Horrek sekulako potenzialitatea eman zion. Eta hor, Jorge Oteiza baitezpadako eragile izan zen, hark eraginik jauzi kualitatiboa egin zen kulturgintzan. Ez Dok Amairu taldea dinamika haren erdigunean zen, kantagintzari zegozkion bide eta ildo berriak jorratzen bezainbat aro zirraragarria garatzen. Garaia bizi-tza zentzuz betetzen duten horietakoa izan zen.

1973an Euskara eta Nafarroa liburua argitaratu zenuen. Dagoeneko ia 40 urte igaro dira, eta nola ikusten duzu gaur egun euskal hizkuntzak herrialdean bizi duen egoera? Ordutik hona asko aldatu al da?

Garai hartan egoera larrian zen, bizitza sozialetik baztertuarazia. Ez iraungia, haatik. Nahikaria eta adorea ez ziren falta, gaitasuna erez. Egoera hobetzeko osagaiak. Gaur egun, lorpenen ondoan, hizkuntza -hiztungoa- bizitza sozialetik baztertu-zokoratua izateko dinamikan trabatuarazia da, gero eta deliberatu eta lotsagabeago. Horiek hola, eta egoeraz propioki jabetutakoan, ez legoke gaizki guk zertan ez dugun asmatu aztertzea, egin hutsetatik ikastea, hizkuntz-politikan… eta politikan, dena loturik baitago.

Zenbaitek diote euskalgintzak orduan zuen indarra pixkanaka ahultzen joan dela. Zuk zer uste duzu? Zer egin daiteke Nafarroan euskararen biho-tzeko taupadek gogor lan egin dezaten?

Aurrekoan iruzkindu dudanez, nire ustez, hizkuntza ahultzearena, hain frogatua den hiztun eta zaleen adore eta atximenduaz haratago, eta indarrean dagoen egoeran, ez daiteke euskal politikaren nahi-eta-ezinezko testuingurutik at propioki ulertu. Politika bere zentzu sakon eta zabalenean. Ez dut uste gauzak mekanikoki uztar daitezkeenik, baina zerikusian daudela begibistakoa da. Anitz egin da eta adorea ez da falta, baina hain premiazkoa den jauzi kualitatiboa emanen bada, integratuagoko inhalak eta ekinbideak garatu beharko dira, baitezpadan kualifikatu eta bizi-estrategia mailan txertatu.

Aurtengoan ere, Nafarroako Ikastolen mugimenduak laugarren hamarraldia ospatuko du; zuk ere urte askotan lan handia egin zenuen hauen alde. Nola ikusten dituzu egun Nafarroako ikastolak?

Lehen Cortes Izal aipatu dut. Harekin eta beste zenbaitekin ikastolen alde behiala jorraturiko bideak gogoan, egia da nekez irudika zitezkeela garai hartan egungo lorpenak. Zenbait ikastola sendo, sozietate oihartzun eta errekonozimendu handiarekin. Beste zenbait, hala ere, egoera larrian, indarrean dagoen zonalde lege zatikatzailearen erruz. Ondorioz, euskarazko hezkuntza "eskola publikoetan" ere txertatua da… baina eskualde batean soilik, lingua navarrorum-a nafar guztien eskubide soziala delarik. Higatzeko politikaz gain, toki guztietan, nafarren arteko osin fisiko eta mentala gauzatzen bermatzen ari dira bortizki. Horren aitzinean, asmoz eta jakitez, sendatu eta sendotutako politikaz mamitu eta indartu beharko da jarduera, ezinbestean.

Bilboko Kafe Antzokia, Oteiza Fundazioa... hamaika lekutan aritu zara lanean. Izan zaren lakuetatik zerbait nabarmendu beharko bazenu, zer izanen litzateke?

Bilboko Kafe Antzokia ere bide berri bat izan zen: euskara mundutik sortu eta garatua, hizkuntza, kultura eta aisialdia uztartuz era sustraitu eta irekian, alderdikerietatik at, integratzailagoak diren ildotan eraikia. Eta hori sorkuntza bizigarria da. Hortik hain arrakastatsu eta erreferente bilakatu izana. Oteiza Fundazioan, aldiz, artistaren nahiz eta erabakiz sartu nintzen, haren legatua, azalez eta mamiz, gauzatzen saia-tzeko asmoarekin. Baina, jakina da, ez da prezeski hori indarrean dagoen agintearen helburua...

Baina batez ere euskal literaturarekin egin duzu lan handia, eta gehien bat poesigintzaren alorrean. Zer esan nahi du zuretzako poesiak?

Poesia eta bizitza estuki loturik daude, barne mundua eta kanpo mundua, hitzen bidez garatua. Niretzat, poesia irakurtzea eta idaztea ikasbide ere bada, idazteko zereginean… eta bizitzan.

Nolakoa da gaur egungo Euskal Herriko olerkigintza?

Poesia beti izan da maitatua euskaldunen artean: ahozkotasunezko ondare aberatsetik egungo poesia idatziraino. Eta hor, batean zein bestean, behiala bezala egun, bada poesia maila onik aski.

Eta euskal kultura orokorrean?

Kultura sozietatearen baitan uztar-tzen diren izatezko jardueren bilduma den heinean (jaietatik kultur sorkuntza eta ekoizpen sofistikatuetariano), erran daiteke kultura sozietatearen araberako egoeran dagoela, eta alderantziz. Batean zein bestean, garbi dago oraindik ere sorkuntzarako potentzialitate handikoa dela. Baina arrakalaturik dago, elkar-elikatze prozesua etenez beterik. Ahalmenez gabetua -sozietatea- eta desabantailez betea, murgildurik dago gero eta zailago den munduan (erasopeko dinamika, globalizakeria, teknologia berrien parioak…). Hala ere, errealitate horretan garatu beharko dira osabideak.

las claves

"Poesia eta bizitza estuki loturik daude, barne eta kanpo mundua, hitzen bidez garatua"

"Ikastolen alde hasi ginen garaian nekez irudika zitekeen egungo lorpena"

votos comentarios

compartir (¿qué es esto?)

  • Mail
  • Facebook
  • Delicious
  • Twitter
  • Meneame
  • Digg
  • Technorati

Herramientas de Contenido

Publicidad

Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Haz tu comentario

Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es único responsable de sus comentarios.
  • Diario de Noticias se reserva el derecho a eliminarlos. 
Escribe tu comentario Número de caracteres (500/500)

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Últimas Noticias Multimedia

Publicidad