Idaztea gaixotasun batekin konparatu du inoiz Paul Auster hil berriak. Gaixorik dagoenak pilulak hartu behar dituen bezala, idazleak ere egunero behar du idazketa-dosia bere gaixotasunari aurre egiteko. Egin dizkioten milaka elkarrizketetan, Austerrek askotan deskribatu du idazketa prozesua saihestezina den zerbait bezala, guztiz kontrolatu ezin duen barneko pultsu bat.

Zertaz idatzi ere ez du inoiz izan guztiz kontrolpean, hitz hauekin azaldu zuenez: “Mantso eta minez idazten dut. Eta ez naiz egitura batetik abiatzen. Liburuak berak aurkitzen nau ni. Irudi bat sortzen da nire buruan eta poliki-poliki inguratu egiten nau, eta ez dut beste erremediorik hura besarkatu baino”. Idaztea beste erremediorik ez duen pertsona da idazlea, Austerren azalpenen arabera.

Beste hainbat idazlek ere antzeko adierazpenak egiten dituzte idazketaren inguruan. Azaltzeko zaila den idazteko beharra dago azpian. Idazteak badauka alde arrazional bat, buruak kontzienteki zuzentzen duena, hor gordetzen du idazleak bere erreminta kutxa, urteekin, irakurriz eta idatziz, betetzen joan dena; baina, horrekin batera, beste indar irrazionalago batzuek gidatzen dute haren idazketa: emozio ezkutuen inertziek, bulkadek, urtetan oharkabean pilatutako tentsioek, esperientzien oihartzunek, memorian gordetako usain eta doinuek… Bere barneko alde ilun, misteriotsu eta irrazional batek agintzen du askotan zer eta zertaz idatzi.

Horregatik da hain zaila idatzi duena esplikatzea. Austerren elkarrizketa asko argitaratu dira komunikabidetan, baina aitortzen zuen ez zela elkarrizketez fidatzen, izan ere, haren ustetan, ezin da laburbildu laburtzea ezinezkoa den zerbait. Horregatik, idazleren bat ezagutzen baduzue, mesedez, ez iezaiozue inoiz galdetu: Zeri buruzkoa da zure liburua? Liburu bat idatzi behar izan du esan nahi zuena esateko, nola laburbilduko dizue, bada, hitz gutxitan? Austerren obra eder eta erraldoia hitz gutxitan laburbiltzea bezain ezinezkoa da.